Ikastola eredutik abiatuta, Mexikoko jatorrizko herriekin zubiak eraikitzen

Arimendi Ikastola Garabide erakundearekin elkarlanean, Mexikoko (Oaxaca) komunitatearekin kultur eta hezkuntza lankidetza garatzen ari da. Arizmendiko profesionala den Iñaki Gonzalez Mixe herrian izan da bertatik bertara lankidetza hau bideratzen, eta datorren abuztuan esperientzia pilotu bat jarriko da martxan jatorrizko hezkuntza ereduak sustatzeko.

Hizkuntza eta hezkuntza herri baten nortasunaren bi zutabe nagusiak eta herri baten izaera elikatzeko ezinbesteko sustraiak direla sinetsita, Arizmendi Ikastola Garabide erakundearekin elkarlanean, hizkuntza gutxituen berreskupenean eta hezkuntza eredu berritzaileen transmisioan lanean ari da. Lankidetza honen azken mugarria Mexikon gauzatzen ari da, zehazki Oaxaca estatuko ipar-ekialdeko eremu menditsu eta isolatu batean kokatutako Mixe herrian (Ayuuk hizkuntza hitz egiten duten komunitatean). Arizmendiko profesionala den Iñaki Gonzalez, Olarte guneko koordinatzailea eta BAZARA egitasmoaren arduraduna, Mixe herrian izan da berriki esperientzia hau bertatik bertara ezagutu eta partekatzen.

Jatorrizko herri hauek interes izugarria agertu dute Euskal Herriko esperientziarekiko, eta bereziki erakargarria iruditu zaie Ikastolak kooperatiba moduan antolatuta egotea. Izan ere, egitura kooperatibo horrek bete-betean bat egiten du euren kudeaketa komunalarekin, asanbleetan oinarritutako antolaketa politikoarekin eta errotazio bidezko herri-karguekin.

Ikastola eredua ezagutaraztea, ez esportatzea

Lankidetza honen filosofiak ez du inposiziorik bilatzen, baizik eta Ikastola eredua esportatu ordez, ezagutu nahi duenari azaltzea, norberak bere praktikan jarri dezan. Helburua da herrialde bakoitzak, bere errealitatetik abiatuta, bere pertsona-eredu propioa garatzea, euskalduna, kooperatiboa, konpetentea eta eraldatzailea den Euskal Herriko Ikastolen eredua oinarri hartuta.

Topaketa hauen jatorrizko arrazoia jatorrizko herriek pairatzen duten hezkuntza asimilazio estatalari aurre egitea da. Mexikoko Estatuak hizkuntza txikiak gutxiesten dituen testuinguru batean, Mixe komunitateak joera hori irauli nahi du hizkuntzaren transmisioa indartuz eta prestigioa emanez. Hizkuntza gutxituak pobreziarekin lotu ohi direla askotan, eta horregatik da hain garrantzitsua hezkuntza modu egoki eta berritzaile batean garatzea.

Hurrengo urratsak: Abuztuan haztegia martxan

Lankidetza honek pauso praktikoak emango ditu laster. Azken hilabeteetan egindako formakuntza saioen ostean (astean 16 irakaslerekin online arituz, eta Garabidek gonbidatutako Maya Yucatan komunitateko beste lagun batzuekin batera), datorren abuztuan esperientzia pilotu bat jarriko da martxan Mixe lurraldeko lau herri ezberdinetan. Ekimen honen helburua Mixe Ikastolak sortzeko haztegi bat sustatzea izango da, gure Ikastolen eredua euren errealitatera egokituz eta praktika erreal bat abiatuz.

Esperientzia honek agerian uzten du autoeraketa, auzolana eta pertsona erdigunean jartzen duen hezkuntza eredu eraldatzailea unibertsalak direla, eta munduko beste txoko batzuetako hizkuntza gutxituen biziraupenerako tresna baliagarriak bilakatu daitezkeela.

Zorionak Iñaki eta bidelagun guztiei gure kooperatibaren eta hezkuntza komunitatearen balioak mundura zabaltzeagatik!

TULankide aldizkariaren 66. eta 67. orrialdeetan argitaratutako erreportajea aurkituko duzu, hemen.

Garabiderekin Mexikoko Mixe herrian egindako elkarlana