Arizmendi Kirol Elkarteko jardunaldiak amaituz eta hurrengo denboraldiari begira jarriz
Ekainean sartu garen honetan, gure Arizmendi Kirol Elkarteko diziplina ezberdinetako entrenamendu eta jardunaldiak amaituz doaz. Kirolariak azken entrenamenduekin eta partiduekin gozatzen ari dira, eta hainbat txapelketa zein topaketatan parte hartu dute edo hartuko dute.
Alde batetik, igeriketan hainbat topaketa izan dituzte maiatzean. Bergara eta Oñatiko igerilariekin entrenatzeko aukera izan dute, eta, azken igande honetan, urtea ondo amaitzeko barne-topaketa egin genuen. Igerilari gutxixeago gerturatu ziren arren, oso ondo pasatu zuten eta etxera domina eta guzti itzuli ziren!

Beste alde batetik, boleibol-eskolako topaketa izan genuen Angiozarren, bertako bolei-eskolarekin batera. Guztira 18 gaztetxok parte hartu zuten; jolas asko eta partidutxoak jokatu zituzten. Amaieran, merienda txiki batekin gozatzeko aukera ere izan zuten eta egun borobila irten zen.

Igerileku eta Kantxaz aparte, futbol sailean ere “Maren Lezeta Txapelketa” izan genuen Ibarra futbol zelaian, Arizmendi Kirol Elkarteko benjaminek parte hartu zutelarik. Talde dexente gerturatu ziren eta giro oso ona egon zen, musikarekin eta garaikurrekin borobildu zena. Gainera, hurrengo asteetan hainbat txapelketetan parte hartuko dute gure taldeek, Barakaldotik hasita, Goierri Gorriko txapelketa edo Elene Errasti txapelketara arte.

Azkenik, ohar garrantzitsu bat geratzen zaigu kontatzeko. Hurrengo denboraldiari begira, matrikulazio epea ekainaren 3an zabalduko da eta ekainaren 30era arteko tartea izango dute familiek gure diziplina ezberdinetan izena emateko. Beraz, Arizmendi Kirol Elkartean jarraitu edo hasi nahi duten familiek, Alexia bitartez eman beharko dute izena ekainaren 3tik 30era bitartean.
AUPA ARIZMENDI KIROL ELKATEA!