Argitxoren postontziak arrakasta handia izan du Arrasateko txikien artean
Uribarri, Umezaintza, Olarte eta Santa Teresa guneetan Bazarako helburuekin lerrokatuta “Argitxoren postontzia” dinamika jarri dugu martxan.
Postontzia Arrasateko auzo, leku eta paraje desberdinetan egon da kokatuta, haurrei eta familiei herriko toponimia modu ludikoan hurbiltzeko helburuarekin. Guneetako familia eta haurrak pista desberdinen bitartez postontziaren kokapena asmatu behar izan dute.
Bilaketa horretan, herriko bazterrak hobeto ezagutzeko aukera izan dute, hala nola Bedoña, Antoña edo San Kristobal bezalako guneetara gerturatuz, euskarazko izendegia eta inguruko ondarea balioan jarriz. Haurrek ilusio handiz parte hartu dute, eta postontzia aurkitu ahala, beraien marrazkiak utzi dituzte bertan Argitxori opari gisa eskaintzeko.
Ekintza borobiltzeko eta proiektuari amaiera biribila emateko, udaberriko oporren atarian, jaia antolatu da gune guztietan. Argitxo bera etorri da bisitan, postontzietan jasotako marrazki guztiekin batera. Bisita honek sekulako sorpresa eta poza eragin die txikienei.
Argitxok ekintzan parte hartzeagatik eskerrak eman digu eta guztiok elkarrekin abestu eta dantza eginez ospatu dugu eguna. Lanbide Heziketako ikasleek prestatutako txokolatada goxoaz gozatu dute parte-hartzaile guztiek eta horrela eman diogu amaiera ekitaldiari.
Mila esker ekimen honetan parte hartu duzuen familia eta haur guztiei!
Umezaintzako argazkiak
Uribarriko argazkiak
Santa Teresako argazkiak
Olarteko argazkiak



