ARBIZU 2026 1. TXANDA
KAIXOO FAMILIA!! ⛺🌿
Hona hemen Arbizuko 1. txandaren informazio kanala! Bertan egunero egiten ditugun ekintzetaz berri emateko intentzioa dugu. Aurreko egunetan nahiko larri ibili gara idazteko baina gaurko egunetik aurrera zeozer idazten saiatuko gara.
Aurten ere indartsu hasi dugu abentura eta gure DBH 1eko ikasleak prest daude dena emateko. Gurekin batera gozatu dezazuen nahi dugu!
Hemen duzue argazkien albumerako esteka, egunero argazki berriekin elikatzen joango garena!























































1. Eguna
Aretxabaleta eta Arrasate atzean utzi eta gure etxe berria izango den Arbizuko EcoKanpinera iritsi ginen! Zelako ilusioa eta gogoak genituen udalekuarekin hasteko. Iritsi bezain laster kanpina ezagutzeko bueltatxo bat eman genuen, eta jarraian, urduritasun pixka batekin… taldekatzeak eta logelen banaketa iritsi ziren! Hauek izango dira datozen egunetan gure familiatxo berriak.
Arratsaldean taldeak sendotzeko jolas batzuekin ibili ginen eta, afaldu ostean, lehenengo gaubela iritsi zen: “Hezitzaile galduaren bila!”. Arbizutik ibili ginen bilaketa lanetan, eta azkenean denak topatuta, ohera joan ginen indarrak hartzera. Gabon guztioi!
2. Eguna
Kaixo, kaixo Arbizutik! Gaurkoan egun benetan potentea eta mugitua izan dugu kanpinen bertan. Gosaldu eta indarrak hartu ondoren, taldeen arteko olinpiada zoroak egin ditugu goizean zehar. Zelako lehiakortasun osasuntsua eta barreak! Beno, batzuetan tranpetan harrapatu gaituzte.
Arratsaldean, beroari aurre egiteko, ur jolasak izan ditugu jokoan eta nola ez, igerilekuan freskatuz bukatu dugu eguna. Dutxa hartu, afaldu eta gaubelarako momentua heldu dugu: “Musika kaxa” dinamika! Erronkaz eta prenda barregarriz betetako gaua izan da, lotsak alde batera utzi eta primeran pasatzekoa. Bihar gehiago!
3. Eguna
Iepa familia! Gaurkoan txango eguna egokitu zaigu eta autobusa hartu dugu Nafarroako txokorik politenetariko bat ezagutzeko. Bakedanora joan gara eta hantxe ikusi dugu Urederrako iturburua, zelako paisaia eta ur gardenak! Begiak txundituta utzi gaituen ibilbidea egin ostean, oinez abiatu gara Zudaireko igerileku naturalerantz.
Arratsalde osoa bertan pasatu dugu. Eguraldia guztiz lagun izan ez dugun arren eta zerua pixka bat kaskar egon den arren, gure gogoak ez ditu ezerk gelditzen eta uretara salto egin dugu! Eguna borobiltzeko, gaubelan jolas ezberdinak egin ditugu eta, egia esango dizuegu, gaur bai… lehertuta baina aurpegian irribarre batekin joan gara ohera!
4. Eguna
Kaixo danori! Gaurkoan oso goiz esnatu gara Zudairen eta, begiak ireki orduko, autobusa hartu dugu Lizarra ingurura gure abenturarekin jarraitzeko. Eguneko ekintza nagusia antolatzeko hiru taldetan mugitu gara gaurkoan: batzuek River Walking ekintza zirraragarria egin dute goizean zehar, eta besteok Larrionetik Lizarrarainoko ibilaldi polit batekin gozatu dugu naturaz inguratuta. Eta zer egin dugu gure txanda iritsi bitartean? Bada, Lizarrako errekan bainu freskagarri bat hartzen gelditu gara!
Arratsaldean ere ez gara geldirik egon eta ur jolas dibertigarriekin jarraitu dugu martxa. Azken taldeak bere ekintza amaitu duenean, autobusa berriro hartu eta gure kanpalekura, Arbizura, bueltatu gara indar berritzera.
Baina eguna ez da hor amaitu, ez horixe! Afaldu ostean, gure ahotsen erakustaldia egiteko momentua heldu da Furor jolasarekin. Zelako abesti sorta eta zelako eztarriak ditugun txanda honetan, garraxi eta barre artean ibili gara! Eguneko azken zertzeladak lotu ondoren, zuzenean ohera joan gara deskantsatzera; izan ere, biharkoan Beriain igotzeko erronka handia dugu eta pilak topean kargatu behar ditugu.
























































































5. Eguna
Iepa familia! Gaurkoan txandako egunik handienetako eta itxarotenetako bat bizi izan dugu: Beriain mendi erraldoia koroatzeko erronka!
Goizean goiz jarri gara martxan eta, beroketa gisa, kanpinetik zuzenean oinez abiatu gara Unanu herriraino, bertan eman baitiogu hasiera gaurko txangoari. Egun osoan zehar bero handia egin digun arren, gure DBH 1eko gazteak txapeldun hutsak dira eta kemen handiz lortu dugu tontorrera heltzea. Zelako saria eta zelako bistak! Indarrak berreskuratzeko, gailurrean bertan bazkaldu dugu, hodeietatik gertu-gertu.
Arratsaldean, mendia jaitsi eta zuzenean kanpinerantz joan gara gure sariaren bila: igerilekura, alegia! Uretan freskatzearekin batera, sekulako barreak bota ditugu eta hanketako nekea arintzeko bikain etorri zaigu.
Egun oso gogorra eta fisikoa izan denez, gaurko gaubela erabat erlaxatzeko erabili dugu. Masaje momentu gozo bat antolatu dugu eta tentsio zein barre artean gorputza erabat lasaitzea lortu dugu. Ezin dizuegu azaldu zein gustura eta zein lasai sartu garen ohera gaurkoan!
Bihar arte, familia! Goazen pilak kargatzera!
























































6. Eguna
Kaixo danori! Azken txanpan sartu gara erabat, baina gure gazteek indartsu jarraitzen dute! Gaurkoan Arbizu herrira gerturatu gara eta bueltatxo polit bat eman dugu bertako bazter guzti-guztiak ondo ezagutzeko. Taldeetan kokatuta eta dena prest genuenean, Puzzle jolas erraldoi bati eman diogu hasiera herri guztian zehar. Gure ikasleek eta monitoreek kriston lehiakortasuna eta gogoak erakutsi dituzte proba bakoitzean!
Neke pixka batekin baina irribarre handi batekin, herriko plazan bazkaldu dugu indarrak berritzeko eta, jarraian, “Hi selfie!” ekintza dibertigarriari ekin diogu. Kar-kar… zelako argazki bitxi eta barregarriak irten diren, artistak daude gure artean! Eguzkiak gogor jotzen zuenez eta bero handia egiten zuenez, ekintza bukatu bezain laster igerilekura abiatu gara arratsalde lasai, freskagarri eta ederra pasatzera. Bitartean, gure talde ezberdinak gaueko “GOT TALENT” show handia buru-belarri prestatzen ibili dira isilpeko entseguetan.
Eta gauean… gure udalekuetako azken gaubela handia iritsi da! Ezin dizuegu azaldu zein ondo ibili garen eta zenbat barre egin dugun. Guztiok hartu dugu parte oholtza gainean, eta gure monitoreek ere ez dute aukera galdu euren dohain artistikoak erakusteko. Eguna (eta ia-ia udaleku ahaztezin hauek) borobiltzeko, abesti batzuekin eta emozio pixka batekin eman diogu bukaera gauari.
Azken momentuaz gozatzera! Agur familia!
7. Eguna
Iepa familia! Heldu da azken eguna eta gaur goizean, begiak irekitzean, egun hauetako neke guztia nabaria zen aurpegietan. Baina asteko azken ahalegina egiteko indarrak atera ditugu! Gaurkoan jasotzeko, txukuntzeko eta garbitzeko eguna egokitu zaigu; izan ere, dena bikain eta garbi utzi behar dugu hurrengo txandako lagunentzat. Lan ta lan ibili gara goiz osoan zehar dena txukun-txukun utzi arte.
Garbiketa amaitutakoan, tarte garrantzitsu bat hartu dugu borobilean eseri eta udalekuaren balorazioa egiteko. Ikasle zein hezitzaileok bizi izandako esperientziak partekatu ditugu, eta oso politak izan dira partekatutako hitzak. Baina emozioak ez dira hor amaitu! Bazkaldu baino lehenago, monitoreek ezkutuan prestatutako bideo txiki eta berezi bat ikusi dugu. Zelako momentu politak, algarak eta negargura pixka bat ere aste honetan bizitako guztia pantailan gogoratzean!
Emozioak sabelera joan zaizkigu eta zuzenean joan gara denok batera azken aldiz bazkaltzera. Bukatzeko, aurtengo udalekuko kamiseta berriak banatu ditugu eta taldeko argazki ikaragarriak atera ditugu, egun hauetan gure zaindari izan den Beriain mendia atzeko planoan dugula.
Honekin guztiarekin, motxilak oroitzapenez beteta, bukaera eman diogu aurtengo Arbizuko udalekuari! Eskerrik asko guraso eta familia guztioi egun hauetan gure abentura gertutik jarraitzeagatik.
Datorren urtera arte, familia! Gora Arbizuko udalekuak! 🚌🎒❤️

















































































































































