ARBIZU 2025 1. TXANDA

Kaixoo familia!!

Hona hemen Arbizuko 1. txandaren informatzeko kanala. Bertan egunero zeozer idazten saiatuko gara, batzuetan larri ibiltzen garen arren. Beste barik hemen hasten dira Arbizuko Udalekuak.

Gurekin batera gozatu!

Hemen dituzue argazkien albuma, egunero elikatzen joango gara!

Arbizu 2025 1. txanda

Hona hemen udalekuko bideoa ere bai!

1. Eguna (Uztailak 1)

Eskoriatza, Aretxabaleta eta Arrasate atzean utzita Arbizura abiatu gara. Zelako beroa gaurkoan. Kanpinera heldu garenean maletak deskargatu ditugu eta azalpen txiki batzuen ostean bazkaltzeko ordua etorri da.

Bazkaldu ostean, logelen antolaketa eta taldekatzeak egin ditugu. Hauek izango dira gure familiatxo berriak eta horregatik jolas batzuk egin ditugu talde txikietan. Jakingo zenuten bezala bero handia egiten zuen, beraz igerilekura joateko momentua heldu zaigu.

Gure etxea izango den Arbizuko EcoKanpina ezagutzeko aukera izan dugu ere bai eta afaldu ostean herrira joan gara galdutako hezitzaileen bila. Bertan, jolasean ibiltzeaz gain, pertsona famaturen batekin topatu gara ere bai.

Gaboon guztioi!

2. Eguna (Uztailak 2)

Kaixo kaixo Arbizutik! Gaurkoan egun potentea izan dugu. Gosaldu eta gero motxila txikitxoak hartu ditugu eta herrira mugitu gara. Bertatik, borden ibilbidea izena duen kamiñu batetik abiatu gara eta lehenengo bordaren ingurutik bazkaldu eta jolasean aritu gara. Bandera jolasaren txanda heldu zaigu eta basoan zehar ibili gara.

Arratsaldean kanpinera itzuli gara eta ekintzetaz deskantsatzeko tartea izan dugu. Batzuk igerilekuan ibili dira beste batzuk jolasean eta beste batzuk gure artean hobeto ezagutzeko erabili dugu tartetxoa. Afaldu eta gero, gaubelan musika kutxa dinamika egin dugu eta bertan zenbait proba egin ditugu. Barreak, lotsa eta denetarik izan dugu.

3. Eguna (Uztailak 3)

Iepa familia! Gaurko egunean ez gara Arbizutik ibili. Goizean autobusa hartu dugu eta Lekunberrira joan gara eguneko ekintzak egiteko. Ekintza hauek egiteko bi talde handitan banatu gara eta batzuk goizean kayak egin dute eta beste batzuk abentura parkean ibili dira. Arratsaldean aldiz, alderantziz ibili gara.

Gaurkoan ez dugu eguraldirik onena izan baina aurrera ekin diogu gogotsu eta tirolina, eskalada eta saltoak egin ditugu. Baina… zelako hotza egon den errekako ura!

Horren ostean, autobusa hartu dugu berriro eta Kanpinera etorri gara pixka bat deskantsatzeko. Eguna bukatzeko BINGO musikatua izan dugu.

Hirugarren eguna ere gaindituta!

4. Eguna (Uztailak 4)

Kaixo danori, gaurko egunean Nafarroako erreka iturburu politenera joan gara, Urederrara. Gure etxea den Arbizu atzean utzita eta baita eguraldi kaskarra ere, eguzkiaren bila abiatu gara. Goizean goiz autobusa hartu eta Baquedanora joan gara bertatik ibilbidea hasteko. Zer nolako paisaia politak ikusi ditugun.

Ibilbidea eta gero herrian bertan indarrak berriztu ditugu bazkariarekin eta Zudairera joan gara. Beroari aurre egiteko bertako igerileku naturalean bainatzeko aukera izan dugu eta horren ostean herrira igo gara. Herriko jendearekin jolasean ibili eta gero, frontoi parean afaldu dugu.

Gaurko gaubelan zenbait jolas egin ditugu eta primeran ibili gara nahiz eta gure alde lehiakorrena atera den. Justu-justu heldu gara egun bukaerara beraz, pilak kargatzeko momentua heldu zaigu eta frontoi barrura sartu gara.

Goazen zurrunkak entzutera!

5. Eguna (Uztailak 5)

Egunon familia! Eguna lehenago hasi dugu gaurkoan. Igertzen da denok batera egiten genuela lo, zarata bereziak entzun ditugu.

Zudaireko frontoia garbitu ostean furgoneta kargatu dugu eta Arbizura abiatu gara. Autobusetik atera garenean bero handia igerri dugu eta igerilekura joan gara. Lehenengo aldiz, kanpinean bertan bazkaldu dugu eta gero deskantsatzeko aukera izan dugu.

Arratsaldean, denok batera jolas bat egin dugu eta hezitzaileak gaiztokerietan ibili dira. Blai eginda bukatu dugu, beraz igerilekura abiatu gara.

Gauan aldiz, barre egiteko momentuak izan ditugu. Gaubela ganberroa izan dugu, txantxaz josia. Lotsa eta barreak izan ditugu.

6. Eguna (Uztailak 6)

Ondo deskantsatu ostean indarberrituta esnatu gara gaurkoan, egun handia iritsi da, Beriain igotzeko eguna. Beraz beti bezala gosaltzera joan gara eta gure motxilatxoak prestatu ditugu.

Dena prest izanik, Unanu herrira abiatu gara bertatik gure txangoa hasteko. Kantinplorak eta botilak bete eta gorantza hasi gara. Bide luzea izango zela uste genuen baina nahiko eramangarria izan da. Mendi bueltan zehar, bide ezberdinak hartu ditugu: pistak, basotik ibili gara, mendi magaletik gora egin dugu eta bukatzeko Ihurbain eta Beriaineko tontorretatik ibili gara.

Bertan bazkaldu eta deskantso txiki baten ostean beherantza hasi gara ibilbide berdina egiteko asmoz. Unanura heldu garenean bertan jan dugu askaria eta gero kanpinera abiatu gara. Azkar batean iritsi gara kanpinera eta oso berotuta beraz, udalekuko azkenengo bainua hartu dugu.

Afaldu ostean “show” handi bat antolatu dugu. Arbizuko IZAN TALENTUA lehen edizioa izan dugu. Guztiok parte hartu dugu bertan eta ederto batean ibili gara, baita gure hezitzaile artistak ere. Ikusiko dugu biharkoan ekaitza datorren…

7. Eguna (Uztailak 7)

Gaurkoan pixka bat beranduago esnatu gara familia, nekea igertzen da. Gosarian tripa ondo bete eta indarra hartu dugu aterpetxeko garbiketa eta maletak egiteko.

Horren ostean taldetxotan banatu gara azken kontuak batera egiteko eta gero bazkaltzera hurbildu gara, baina hezitzaileek bideo bat prestatu digute! Gure bideoa!

Zoritxarrez, euria hasi da eta egin behar izan ditugun gauzak presaka eta korrika egin ditugu, baina… gure Arbizuko kamiseta berriekin argazki politak atera ditugu etxera bueltatu baino lehenago.