Animatu ostiralean GAITU egunean bat egitera!
GEIKEk, Arrasateko euskaltzaleak batzeko eta euskara gehiago zabaltzeko helburua duen taldeak, ostiralean, urtarrilaren 26an, GAITU proiektua herrian ezagutarazteko ekimena abiatuko du. Arizmendi Ikastolakook bertan izango gara, 17:00etatik 18:00etara bitartean, eta gure komunitateko guraso eta profesionalei bertaratzerako dei berezia egin nahi diegu.
GAITU hizketaren ezagutza erabiltzen duten teknologietan euskara sustatzeko ekimen nazionala da. Gero eta ohikoagoa da egunero erabiltzen ditugun gailuei aginduak hitz eginez ematea. Eta etorkizun ez oso urrunean, teklatuak desagertu eta soilik ahotsaren bitartez komunikatuko gara gailuekin. Hartara, teknologia horiek euskaraz jakitea funtsezkoa da, gure hizkuntza teknologiaren esparruan egongo bada.
Common Voice proiektuak hizketaren ezagutzen esparrua demokratizatu nahi du, eta gurea bezalako hizkuntza gutxiagotu batentzat hainbat abantaila ditu: ahalik eta hizkuntza gehienetan jasotzen ditu ahotsak; datu eta software librea erabiltzen du, edozein enpresa txikik erabil dezakeena bere produktuak garatzeko, eta ahots aniztasuna ere kontuan hartzen du.
Arrasate.eus-en argitaratutako albistea, hemen.
Animatu eta parte hartu!