Almen-Gaztelupe: Batxi 1ekoak PROIetan murgilduta
Zientzia, konpromisoa eta mekanika: batxilergoko modalitateak PROIak martxan!
Urte berriari hasiera ematearekin batera, Almeneko eta Gaztelupeko Batxilergoko 1. mailako ikasleek indarberrituta ekin diote ikasturteko fase berri honi. Ohiko klaseetatik haratago, modalitate bakoitzari lotutako diziplinarteko PROIetan murgildu dira buru-belarri urtarrilaren lehen aste hauetan. Proiektu hauen helburua ez da soilik ezagutza akademikoak bereganatzea, baizik eta planteatutako erronkei sormenez eta talde-lanean erantzutea, mundu errealean aplikagarriak diren soluzioak bilatuz.
Zientzia modalitateko taldeak “Zanbulu” proiektuari heldu dio, larruazalaren mundu konplexua aztertuz. Ikasleek gure organorik handienaren konposizio kimiko eta biologikoa sakon ikertu dute, kremen eta eguzki-babesleen funtzioa ulertzeko asmoz. Denboraren igaroak edo kanpo-faktoreek (eguzki-izpiak, kutsadura…) azalean eragiten duten elementu galera nola prebenitu eta konpentsatu daitekeen ikasi dute. Ikerketa hau borobiltzeko, Donostiako Polymat fundazioan izan dira adituen azalpenak jasotzen eta, erronkaren amaiera gisa, ikasleek euren krema propioak ekoitzi dituzte laborategian, formulazio kimikoaren prozesu osoa bizituz.
Humanitateen alorrean, begirada Afrikako kontinentean eta giza-eskubideetan jarri dute “Itsaso bat eta hainbat mundu” proiektuaren bidez. Kasu honetan, helburu nagusia ezagutza teorikotik haratago doan enpatia eta kontzientzia kritikoa lantzea izan da, Afrikako errealitate anitzak hobeto ulertzeko. Gaztelupen, adibidez, luxuzko bisita izan dute esperientzia aberasteko: Garazi Hach Embarek Irizar eusko-saharar ekintzailea. Haren testigantzari esker, saharar herriaren egoera eta eskubideen aldeko borroka hurbilagotik ezagutu dute, lortutako hausnarketak ondoren ikaskideekin partekatuz eta eztabaida aberasgarriak sortuz. Almenekoek, berriz, Oñatiko Larraña Harrera etxea bisitatu ahal izan dute. Bertan aurrez aurre ezagutu dituzte zailtasunez betetako bideak egin eta gero guregana iritsi diren etorkinak. Eta behin hona etorrita, legedi aldetik dituzten oztopo eta zailtasunen berri ere izan dute.
Azkenik, Teknologia modalitateko ikasleek jasangarritasuna eta trebetasun teknikoak uztartzen dituen “Bizikleta” erronkari eutsi diote. Proiektu honetan, ikasleek bizikleta zahar eta abandonatuen mekanika aztertu, eta horiek konpondu zein eraberritzeko ardura hartu dute. Tresna ustez ez-funtzional horiei “bigarren bizitza” bat emateko gaitasunak bereganatu dituzte, ekonomia zirkularraren balioak praktikan jarriz. Behin bizikletak prest daudela, horiek gizartean nola sozializatu pentsatzen ari dira: behar duten pertsonei helaraziz edo herriko gizarte-eragileekin elkarlanean arituz, egindako lana herriari eskaintzeko. Almenen, Oreka dendako Sergioren laguntza teknikoa izan dute bizikletekin lan egiterako orduan. Caritaseko Bideak proiketuko jendea ere ezagutu ahal izan dute. Baita beraiekin elkarlanean jardun ere.
Ikasleak oso gustura eta motibazio handiarekin aritu dira PROI desberdin hauetan, diziplina bakoitzak eskaintzen dituen aukera praktikoak balioan jarriz. Esperientzia aberasgarri hauen lekuko, jarraian Almen eta Gaztelupeko guneetan jasotako irudiak ikus ditzakezue.

