Almen 60: Korrikako lekukoa Almeneko bertso-eskolaren sortzaileen omenez
Korrika gure herrietatik pasatzen denean, lekukoa nork eraman proposatu behar izaten dugu. Eta horrelakoetan esanguraren batekin lotzea nahi izaten dugu ikastolan. Nolabait, momentu eder horretan, korrikalari horiek gure ikastola ordezkatzen duela-edo sentitzen dugu. Ohituraz, komunitateko kideei proposatzen diegu eramaile izatea (guraso, ikasle eta profesionalak), baina aurten, horrez gain
Eskoriatza eta Aretxabaletan, Almen 60 ospakizunarekin lotzeko aukera paregabea ikusi dugu.
Almenen historian, 1974an bertso-eskolen sorrera gure gunean eman izana bihotzetan daramagun kontua da. Gertaera hori gure ikastolaren izaera komunitarioaren isla dela ulertzen dugu. Talde haren lanak gure gizartean nolako eragina izan duen ikustea ere poztasunez bizi dugu.

Bertso Eskolako zenbait kide bertan. Behetik ezkerretik eskumara hasita: Juanito Akizu, Xanti Iparragirre, Patxi Goikolea, Aitor Sarasua, Jon Iñaki Izarzelaia, Arantzazu Loidi, Jon Sarasua eta Danel Goikolea
Esan baitaiteke urte haietan, bertsogintzan, eta beraz euskal kulturaren transmisioan, palanka lanak egin zituen ekimena sortu zutela Xanti Iparragirre, Patxi Goikolea eta Juanito Akizuk eta beraien lana bultzatzen eta aberasten asmatu zuten gurasoek. Hitzetik hortzera telebistako programak jaso zuen, bere momentuan gai honi buruzko erreportaia 2024an, eskolaren 50. urteurrena zela eta.
Talde hartako kide den Arantzazu Loidik ere ederki asmatu zuen ideia hori bertso honetan islatzen, 2024ko Gipuzkoako Bertso Txapelketaren finalean txapeldunari txapela jartzean:
Zorionak Alaia,
nire miresmena
bertso-eskola danei
gure aitormena
eta joan zirenei
ere aipamena
noraino iritsi den
hasi zenutena.
Horri gehitu behar zaio, gainera, orain egun asko ez dela izan genuela Juanito Akizuren heriotzaren berri.
Ideia horiek guztiak bilduta atera da, beraz, aurtengo lekukoa eramateko lana bertso-eskolakoa zen Joseba Urkiari eta Juanitoren semea den Iker Akizuri eskaini izana. Omenaldi xume eta maitakor gisa. Eta beraien baiezkoak asko poztu gaitu. Milesker, beraiei, eta beraiekin batera korrika egingo duten ikastolako guraso, profesional eta ikasleei ere.
#60urteeuskararenalde #Arizmendi #Ikastola #EskoitzataAtxabalta