Almen 60: Amestutakoa baino ederragoa izan zen!

Amesten genuena baino are ederragoa izan zen. Hasteko, espero genuena baino askoz jende gehiago etorri zen. Gaur egun ikastolako kide diren familia ugari egon ziren Almenen, eta horiekin batera, ikasle-ohi asko eta asko ikusi ahal izan genituen. Horietako batzuk, beraien urteko ikaskideekin adostu eta taldeetan antolatuta etorri zirela ikusi genuen. Munduko txoko anitzetatik, gainera; gertukoetan, inguruko herrietakoak; Euskal Herriko txokoetatik hurbildutakoak ere ikusi genituen. Eta atzerrirago joandan, Belgika, Erresuma Batua, Madril, Valentzia, Bartzelona… 


Giroa aparta izan zen. Zenbat besarkada eta muxu eman genituen Almenen larunbatean!  Bisita emozionalean, argazki erakusketa ikusten eta eraikinean gora eta behera ibili ziren hainbat eta hainbat lagun. Txikitako kontuen oroitzapenak aktibatzea, Almeneko txokoak, koloreak eta usainak berriz deskubritzea, espazioak berritu ondoren nola geratu diren ikustea, metodologikoki gauzak zenbat aldatu diren jakitea, aspaldiko ikaskide edo irakasleekin elkartzea… horiek guztiak eman ziren larunbatean. 

Oholtzan, ekitaldi bateratuan zein kontzertuetan ere, hainbat talde ikusi genituen gustoz beraien bertso, hausnarketa eta musika eskaintzen, eguerditik hasi eta gauerarte. Ekitaldi bateratua txalaparta doinuarekin hasi zen, eta aurkezle eta bertsolariek osatu zuten “Almen 60: Elkartu. Oroitu. Eskertu. Gozatu.” lemaren inguruko hausnarketa. Ikastolaren iragana ezagutu, oraina ulertu eta etorkizuneko bideko iparrak zehaztuz. Ikastolak Euskal Herriko euskalgintzaren ezinbesteko kide izatea aldarrikatu zuten; Iruñeako Euskalzaleen Martxa gogoan izan zuten eta hainbeste urteetako bidean betirako joandako lagunak zein arrazoi ezberdinengatik ezin etorri geratu direnak ere oroitu zituzten.
Egunean zehar oholtzara igo ziren lagun guztiak ikastolako komunitateko kideak izatea ere azpimarragarria da; izan ikasle, profesional, guraso edo ikasle-ohiak zirelako. Harro sentitzeko moduko artisten harrobia dagoela nabarmen ikusi ahal izan zen.

Bazkaria ere ederto atera zen. 1000 lagun baino gehiago elkartu ziren bazkaltzeko: 600 bat lagun kiroldegian eta gainontzekoak futbol-zelaiaren eremu freskoenean, karpen itzalarekin babestuta. Beroak izan zuen bere protagonismoa, baina aipatu dugun giro onarekin egin genion aurre denon artean.

Kirol ekintzak eta jolasak ez ziren gutxi izan, eta denak ederto atera ziren. Bai Iruten txiki krosak eta bai Torrebasoko igoerak, parte hartzaile asko izan zituzten. Azken honetan, guraso eta irakasle talde bat ere animatu zen, igoera propio prestatuako bizikletetan egitera.
Bestela, eguneko kirol ekintza nagusia Iruten Krossa izan zen. Goizean goiz, eguna fresko zegoenean egin ahal izan genuen. 70 parte hartzaile inguru egon ziren bertan. 

Lehenengo sailkatuak, emakumeen artean, hauek izan ziren:

  • Adirane  Peñagarikano  Esteibar
  • Jaione Mendikute Barbero
  • Maria Martinez Ojuel

Gizonen artean, berriz:

  • Ibai Bolinaga Diaz
  • Iñigo Alzola Gordoa 
  • Ander Zubia Ganzarain

Eguna nekatuta baina bihotzak asetuta bukatu genuen antolakuntza taldeko kideek. Astelehena iritsita ere, LHko eta DBHko ikasle eta irakasle guztiek jardun dute azken desmontaia eta jasoketa lanak egiten. Auzolanean eta elkarlanean; ikastolan beti gauzak egiten diren moduan.

Azken sentsazioa, eskertzarena da. Hau guztia ez bailitzateke posible izango ikastolako lagun asko eta askoren lanagatik ez balitz. Bai egunean bertan, eta baita aurreko asteetan ere. Milaesker horietako bakoitzari eta denei, bihotz-bihotzez.

Hemen egunean ateratako argazkiak:

2026-06-13_Almen-60_DSC01265_Garikoitz-Barandiaran

Hemen, Almen 60 prestakuntza prozesuan ateratakoak:

Abenduak03_SAT_0613