AEKk 24. Korrikaren unitate didaktikoak plazaratu ditu, Euskal Herriko Ikastolokin elkarlanean
AEK eta Ikastolon elkarlanarekin Korrikarako material didaktikoa sortu da. Unitate didaktiko hauek Korrikaren web gunean daude eskuragarri.
Bi motatakoak dira AEKk aurkeztu dituen materialak. Alde batetik, ikastetxeetarako ikasmaterialak, Euskal Herriko Ikastolokin elkarlanean sortuak; horiek adinaren arabera sailkatuta daude, Haur Hezkuntzatik Batxilergora. Bestetik, euskaltegietarako atazak, AEKren Didaktika Sailak prestatuak; horiek mailaka antolatuta datoz, A1etik C1era. Azpimarratzekoa da materialetako bat berezia dela: diseinatuta dago entzumen zailtasunak izan ditzaketen pertsonek erabili ahal izateko, Euskal Gorrak, Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioaren laguntza eta aholkularitzari esker.
AEKren esanetan “Unitateok hainbat berrikuntza dakartzate, betiko helburuak izan arren: euskararen aldeko jarrera zabaltzea, gure hizkuntzarekiko kontzientzia suspertu eta haren erabileran eragitea, euskal kultura transmititzea eta bertoko erreferente kulturalak ezagutaraztea; baita, nola ez, KORRIKA iragartzea ere.”