Hasierako Lanbide Heziketakoek 200 babarrun-errazio banatu dituzte Arrasateko azokan
Hilabeteko hirugarren larunbatero azoka kalera ateratzen da Arrasaten, Sebero Altube plazara, eta azaroan babarruna izaten da protagonista nagusia. Aurtengo hitzorduan gure ikasleek ere parte hartu dute; zehazki, Hasierako Lanbide Heziketako 2. mailako bost ikasle eta bi irakasle aritu dira sukalde-lanetan.
Azokako ekoizle batek ekarritako 14 kilo Arabako babarrun prestatu zituzten, zuzenean, aurrez beratzen jarri gabe. Goizeko 8:30 aldera jarri zituzten egosten, eta 11:00etan ekin zioten banaketari. Orotara, 200 errazio inguru banatu zituzten herritarren artean. Badirudi babarrunak ederto atera zitzaizkiela, bakarren batek etxera eramateko ontzitxoan eskatzeko edo erosteko saiakera ere egin baitzuen!
Ikasleek oso modu positiboan baloratzen dute herritarrekin duten aurrez aurreko harreman zuzena, eta bizipen aberasgarria da haientzat jendeak egindako lana nola eskertzen eta zoriontzen duen ikustea.
Gainera, aurtengo azokak berrikuntza berezi bat izan du: Josu Pedruzo aritu da ekoizleei eta bezeroei megafoniatik entzun zitezkeen zuzeneko elkarrizketak egiten, eta gure taldearen izenean Maryam ikasle pakistandarrak bikain erantzun zion euskaraz.
Zorionak taldeari egindako lan bikainagatik!
