Basabeazpi 2 urteko espazio berriaren irekiera ekitaldia ospatu dugu

Arizmendi Ikastolako Basabeazpi guneak 2 urteko haurrentzako espazio berria ireki du Belorrieta eraikineko beheko solairuan. Ekitaldi xume baina hunkigarri baten bidez eman diogu ongi etorria ikastolako txikienen beharretara egokitutako gune berritu honi, familiekin eta hezkuntza-komunitateko kideekin batera.

Txoko goxo eta atsegina prestatu dugu, Arizmendi Ikastolako konfiantzaren pedagogian lehen urratsak emateko jolasez, jakin-minez eta bizipenez beteko duten espazioan. Espazio berriaren diseinua haurren ongizatea, autonomia eta segurtasun afektiboa erdigunean jarriz pentsatu da; argitasunak, materialak eta espazioaren antolaketa irekiak aukera ematen diete gure txikiei beren erritmoan esploratzeko, esperimentatzeko eta ingurunearekin harreman osasuntsuak eraikitzeko.

Irekiera ekitaldian bertaratu ziren familiek bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte instalazio berriak eta horien atzean dagoen proiektu pedagogikoa.

Eskerrak eman nahi dizkiegu proiektu hau errealitate bihurtzen lagundu duten guztiei eta irekiera egunean gurekin egon zareten familia eta profesional guztiei.

Ilusio handiz ekingo diogu etapa berri honi gure txikien bidelagun izaten jarraitzeko!

Basabeazpi 2 urteko espazioaren irekiera ekitaldia 26/27