Ines Osinagaren bisita jaso dugu Lanbide Heziketan, “Musikariak Ikastetxeetan” ekimenaren baitan
Pasa den azaroaren 4an, ekimen oso berezia eta aberasgarria izan genuen Ferixalekuko Lanbide Heziketan. “Musikariak Ikastetxeetan” programaren baitan, Ines Osinaga musikari arrasatear ezaguna guregana bertaratu zen gure ikasle eta irakasleekin goiz berezi bat igarotzera.
Saioan zehar, euskara ardatz hartuta, euskal kulturaren eta musikaren inguruko hausnarketa sakonak partekatu zituen gurekin. Inesek kultura partekatu eta biziaren garrantziaz, abestien mezuak duen indarraz eta musikak pizten dituen sentimenduez hitz egin zigun. Gainera, bere gogoetak zuzenean jotako eta interpretatutako abesti zoragarriekin uztartu zituen, une oso bereziak sortuz.
Bide beretik, gizarteko pribilegioen inguruko hausnarketa ekarri zuen gurera, eta emakume izateak euskal musikaren munduan dakarren zailtasuna zein errealitatea ere irekian jarri zituen mahai gainean.
Horretaz gain, musikagintzaren atzealdeko lana ezagutzeko aukera paregabea eman zigun: abestiak sortzeko prozesu ezberdinak eta sormenaren gakoak azaldu zizkigun modu gertuko, praktiko eta iradokitzaile batean.
Dudarik gabe, euskal musika, sormena eta kultura bera bertatik bertara bizi eta ezagutzeko aukera bikaina izan da guretzat.
Eskerrik asko bihotzez, Ines, zure gertutasunagatik, kantuengatik eta emandako irakaspen guztiengatik!