Orioko Herri Ikastolako ikasleen bisita jaso dugu Ferixalekuan: elkartasuna, birziklapena eta ikastolen arteko lankidetza 

Pasa den azaroaren 6an, Orioko Herri Ikastolako ikasle eta irakasleen bisita jaso genuen Ferixalekuko gunean. Arrakala digitala gutxitzeko eta jasangarritasuna bultzatzeko asmoz, ordenagailuak birziklatzeko proiektu bat abian jartzea dute buruan, eta horregatik gerturatu dira gure Birziklanet ekimena bertatik bertara ezagutzera. Orioko Herri Ikastolako ikasleek ordenagailu batzuk birgaitzea dute buruan, ondoren Saharar kanpamenduetara bidaltzeko. 

Bisitariak DBH 4. mailako ikasleak direnez, aukera paregabea izan dugu, halaber, Arizmendiko Lanbide Heziketaren inguruko azalpenak emateko, gure tailerrak zein lan egiteko moduak erakusteko eta baliabideak elkarrekin partekatzeko.

Goiz benetan aberasgarria eta polita igaro genuen elkarrekin. Eskerrik asko guregana gerturatzeagatik eta zorte onik onena proiektu solidario honekin!