Mundukideko XI. lasterketa solidarioan izan gara: elkartasuna nagusi Urkulun
Pasa den igandean, urriak 19, Mundukide Fundazioaren XI. Lasterketa Solidarioa ospatu zen Urkulun, “Elkartasuna gara” lelopean. Egun berezi honetan Debagoiendeko nahiz inguruko hainbat kooperatiba eta erakundek hartu genuen parte, eta Arizmendi Ikastolako kideok ere ez ginen atzean geratu: Arimazubiko taldetxo bat bertan izan ginen ekimen solidario honi gure babesa emateko.
Guztira 400 lagun inguru elkartu ginen Urkuluko urtegiaren inguruan, kirolaz gozatzeko eta helburu bakar baten inguruan saretzeko: Mundukidek Brasil, Ekuador, Kolonbia eta Mozambiken nekazaritza-garapena, enplegua eta kooperatibismoa bultzatzeko egiten duen lana babestea.
Aukeratutako modalitatea edozein izanda ere (korrika, oinez zein nordic walking eginez), Arimazubiko kideok goiz paregabea igaro genuen elkarrekin, kirola eta elkartasuna uztartuz.
Mila esker ekimenean parte hartu zenuten guztioi eta zorionak Mundukideri urtero horrelako topaketa arrakastatsua antolatzeagatik!
Oharra: Oraindik ere Mundukideren proiektuak BIZUM bidez babesteko aukera zabalik dago (00989 zenbakira bideratuz).