Arizmendiren ikaskuntza-eredua, beste Ikastola batzuen erreferentzia

Aurreko astean, Armentia eta Zurriola ikastoletako zuzendariak, arduradun pedagogikoak eta DBHko hainbat irakasle Arizmendi Ikastolan izan ziren, gure ikaskuntza-eredua bertatik bertara ezagutzeko.

Bi ikastola horiek Ikastolen Elkartearen aholkularitza jasotzen ari dira, Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorrari erantzungo dion ikaskuntza-eredua euren ikastoletan abian jartzeko. Prozesu horretan, erreferentzia garrantzitsua dira Arizmendi Ikastolarekin batera eredu hori martxan jarri zuten zazpi laborategi-ikastolak. Horixe izan da, hain zuzen ere, Arizmendira bisita egiteko arrazoia.

Goizean zehar, Mireia Muruamendiarazek, Arizmendi Ikastolako zuzendari nagusi gisa, eta Amaia Anterok, Ikastolen Elkarteko aholkularitza-zerbitzuko koordinatzaile gisa, harrera egin zieten eta ereduaren inguruko azalpenak eman zizkieten. Ondoren, DBHko ikasgeletara joan ziren, ikaskuntza-saioak bertatik bertara ikusteko.

Bisita aberasgarria izan zen. Bisitarien hitzetan, euren ikastoletan eredua abian jartzeko buruan zituzten galdera askoren erantzunak aurkitu zituzten Arizmendin. Esperientziak eta ezagutzak partekatzea, beraz, urrats garrantzitsua da ikastolen arteko elkarlanaren eta hezkuntza-ereduaren garapenaren bidean.

Armentia eta Zurriola Ikastolen bisita