Giro bikaina Santa Teresako komunitatearen Olinpiadetan
Arizmendi ikastolako ikasle ohiek eta irakasleek jaiegun berezia bizi izan zuten pasa den larunbatean. Komunitatea indartzeko eta ekimen berriak bultzatzeko asmoz antolatutako olinpiadek eta egunerako antolatutako egitarauak belaunaldi desberdinetako kideak elkartu zituzten giro paregabean.
Eguna giro onean hasteko eta gunean egindako berrikuntzak ezagutzeko asmoz (izan ere, bertaratutako askok oraindik ez zuten eraikin berria ezagutzen), argazki-erakusketa bat prestatu zen. Ondoren, guneko arduradun den Arkaitz Garmendiak pregoia irakurri zuen, olinpiadei eta jai-egunari hasiera emanez.
Goizean zehar, auzoko hainbat plazatan jolasak eta olinpiadak egin ziren. Adin ezberdinetako ikasle ohiak eta irakasleak elkartu ziren bertan, lehiaketa osasuntsuan parte hartuz eta garai bateko oroitzapen zaharrak gogora ekarriz.
Jolasen ondoren, Andaluzetan elkartu ziren denak elkarrekin bazkaltzeko. Bazkalostean ere ez zen girorik falta izan: bingo musikatuak, kontzertuek eta dantzek bertaratutako guztiak mugiarazi zituzten… eta, nola ez, gero gerokoak!
Oso egun polita eta berezia izan zen, irakasleak eta ikasle ohiak berriro elkartzeko, elkarrekin barre egiteko eta bizitako une onak gogoratzeko balio izan duena. Antolatzaileen eta parte-hartzaileen arabera, zalantzarik gabe, errepikatzeko moduko eguna izan da hau, eta etorkizuneko edizio berriei atea zabalik utzi die.
Mila esker antolakuntzan zein egunean bertan parte hartu duzuen guztioi!
GORA SANTA TERESAKO KOMUNITATEA!
Jarraian, egunak emandakoa iruditan: