Badator Ezkurtxo Eguna! Jose Arana gogora ekarriz eta Eskoriatzako txokoak bizitzaz betez
Iritsi da urriko hirugarren zapatua, eta berarekin batera iritsi da Ezkurtxo Eguna! Zapatuan, urriaren 17an Eskoriatzan elkartuko gara berriz ere, festa giroaz, euskaraz eta familia arteko uneez gozatzeko.
Jose Arana guneko haurtxotekan sortutako jaia da Ezkurtxo Eguna, eta urtez urte Eskoriatzako zazpi elizateak ezagutzeko aukera paregabea eskaini digu. Iazko 25. urteurrenean elizate guztietatik igaro ondoren, aurtengo edizioan egitura berritua izango du festak: Elizateetatik herrigunera jaitsiko da Ospakizuna.
Jose Aranaren ondarea eta herriari egindako aitortza
Aurtengo jaiak esanahi berezia izango du. Iazko mugarriaren ondoren, Eskoriatzarentzat hain esanguratsua izan zen Jose Arana pertsonaia gogora ekarri eta bere ekarpenari merituzko aitortza egin nahi diogu. Izan ere, loteria egokitu zitzaionean, diru hori herrian faltan somatzen ziren funtsezko zerbitzuak eraikitzeko baliatu zuen Jose Aranak: gaur egungo zaharren egoitza (garai bateko ospitalea), deposito zaharra den ur-emaria, eta “Escuelas Jose Arana” ikastetxea —gerora Ikastolak bere hastapenetan erabili zuena eta gaur egun gure guneari izena ematen diona—.
Hori horrela, zapatuko ibilbidean zehar txoko esanguratsu horietatik igaroko gara, eta horietako bakoitzean Jose Aranaren inguruko kontakizunak eta historioak entzuteko aukera izango dugu.
Arratsaldeko egitaraua
- 15:15: Elkartzea Eskoriatzako Jose Arana gunean.
- 15:30 – 17:30: Taldekako ekintzak eta kontakizunak herriko txokoetan zehar (Depositua, Ikastola, Jose Aranaren etxea eta Plaza).
- 17:30: Bokadua eta trikitilariak giroa alaitzeko.
- 18:00: Etxean goxo txotxongilo ikuskizuna.
Aukera bikaina izango dugu euskara eta irakurzaletasuna sustatzeko, antzinako jolasak gogoratzeko eta belaunaldi ezberdinen artean arratsalde paregabea igarotzeko.
“Ezkur bat, ezkur bi; Udazkena etorri; Ezkur bat, ezkur bi; Saltoka zu ta ni; Aurtengo neguan; Edurra ugari; Ezkur bat, ezkur bi; Zuhaitzetik erori.”
Ikastolako komunitate osoa zein Eskoriatzako herritarrak gonbidatuta zaudete gurekin batera Ezkurtxo Egunaz gozatzera.
Etorri gurekin!
