Familiarizazioa GURA egitasmoan
Ane Aguirrezabalaga Ochoa (GURA egitasmoko profesionala)
Arizmendi Ikastolan ezinbestekoa dugu ikasle bakoitzak bere ibilbidean zehar bizi dituen trantsizio eta hasiera berriei garrantzia ematea. Gure Hezkuntza Marko Orokorrean zein Pertsona Ereduan sakonki sustraituta dagoen ikuspegi honi jarraituz, ikasturte hasieran Familiarizazio prozesuan jarri dugu indarra, ikasleen ongizatea, barne sendotasuna eta segurtasun afektiboa erdigunean jarriz.
Ane Aguirrezabalagak prozesu pedagogiko honen oinarriak eta gako nagusiak azaldu dizkigu hiru galderatan, Lehen Hezkuntzako ikuspegitik:
- Zer da familiarizazioa?
Familiarizazioa ikaslearen barne sendotasuna eta ongizatea ardatz dituen prozesua da. Prozesu honen bidez, ikaslea pertsona gisa ondo egotea eta ikastolako ingurunean eroso eta ziur sentitzea lortu nahi da. Horretarako, hainbat ekintza praktiko bideratzen ditugu (adibidez, emozioak lantzeko elkarguneak, jolas kooperatiboak, autoezagutza ariketak, ginkanak, irteerak eta txokoak atontzea). Horrez gain, lehenego mailan prozesu hori indartzeko bidelagunaren figura dugu: maila gorenetako ikasle bat esleitzen zaio ikasle bakoitzari, prozesu osoan zehar bidelaguna izan dadin (sarreretan, irteeretan, jolastokian zein elkarrekin egindako ekintzetan lagunduz). Prozesuaren amaieran, ikasleek beren sentipenak, parte-hartze maila eta espazio ezberdinetan izandako bizipenak adierazten dituzte, horretarako prestatutako txantiloi baten bidez. Horrela, prozesua nola bizi izan duten jasotzen dugu.
- Zein da familiarizazio prozesuaren helburua?
Helburu nagusia ikaslea biziko dituen erronkei aurre egiteko prest egotea da. Horretarako, norberarengan, besteengan (ikaskide zein irakasleengan) eta testuinguru desberdinetan konfiantza garatzea bilatzen da.
- Zergatik da hain garrantzitsua ondo egitea?
Familiarizazioa egoki egitea ezinbestekoa da ikaslea ikaskuntza-prozesuari konfiantzaz, lasaitasunez eta eroso ekiteko prest egon dadin. Horretarako, garrantzitsua da testuinguru berria ezagutzea eta bertan seguru sentitzea, baita ikaskideekin eta irakasleekin konfiantzazko harremanak sortzea ere. Hau lortuz gero, bere arreta eta motibazioa areagotuko da eta ikaskuntza prozesua ekiteko prest egongo da.