Hasierako Lanbide Heziketak ASPACELAGUN saria jaso du 17 urteko elkarlan eta bide-laguntza aitortuz
Bidean elkarrekin ikasi, gozatu eta haztea da gure hezkuntza-komunitatearen oinarrietako bat. Horregatik, pozez betetzen gaituen berri bat jaso dugu: ASPACE Gipuzkoak ASPACELAGUN saria eman dio Arizmendi Ikastolako Hasierako Lanbide Heziketari, azken 17 urteotan elkarrekin egindako jarduerak eta partekatutako bidea aitortzeko.
Omenaldia 2026ko urriaren 3an Donostian ospatutako X. Aspace Egunean egin zen, jai giro ederrean. Arizmendi Ikastolaren izenean, Aitor Guridik (Hasierako Lanbide Heziketako arduradunak) jaso zuen saria.
Urte hauetan guztietan askotariko ekimenak eraiki ditugu elkarrekin: paseoak, boccia jokoa, toketak eta beste hainbat topaketa partekatu. Jarduera horiek guztiak elkar ezagutzeko, gozatzeko eta pertsonen arteko harremanak sendotzeko aukera paregabea izan dira, parte hartu dugun guztioi esperientzia oso aberasgarriak eskainiz.
Poz eta ohore handiz jaso dugu aitortza hau. Sari honek urte hauetan jardueretan parte hartu duten pertsona guztien ekarpena balioesten du, baita elkarlana posible egin duten guztien konpromisoa eta gogoa ere.
Eskerrik asko bihotzez ASPACE Gipuzkoari sariagatik eta urte hauetan gurekin partekatutako une guztiengatik.
Elkarrekin ikasten, gozatzen eta esperientzia berriak bizitzen jarraituko dugu!
