Belaunaldien arteko ‘Bizitza Betea’ proiektua, Argi Ibili irratsaioan

Belaunaldiak elkartu eta elkarrekin ikastea. Horixe da Arizmendi Ikastolak parte hartu duen Bizitza Betea proiektuaren oinarri eta bihotza: Leintz bailarako adinekoak eta gure Lanbide Heziketako ikasleak elkartzea, ezagutzak, bizi-esperientziak eta konplizitateak partekatzeko.

Azken egitasmo honen atzean dagoen aberastasunaz aritzeko, Xabin Arriola (Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketako irakaslea eta Bizitza Betea proiektuaren arduraduna) eta Eider Etxebarria (Bizipoz gizarte-ekimenerako kooperatibaren sortzailea eta kidea) Argi Ibili irratsaioan izan dira solasean.

Elkarrizketan zehar argi geratu da elkartze honek duen potentziala: mikroinformatika, osasun-larrialdiak, erizaintza laguntza edota kirol-animazioko tailerretan, gure ikasleak irakasle bihurtu dira, baina adinekoek ere asko eta asko dute gazteei irakasteko. Papera trukatu eta elkarrengandik ikasteko aukera berezia izan da guztientzat.

Xabinek eta Eiderrek hurbiletik kontatu digute bizi izandako esperientzia honek zer eman dien parte-hartzaileei, zer nolako harrera izan duen gure bailaran eta belaunaldien arteko harreman horretatik zein ikasgai baliotsu atera ditugun aurrera begira ere komunitatea ehuntzen jarraitzeko.

Entzun elkarrizketa osoa, hemen.