Giro bikaina eta kirola nagusi Leintz Eskola Kirolaren ikasturte amaierako jaian!

Pasa den zapatuan, maiatzaren 30ean, amaiera borobila eman genion ikasturteari Aretxabaletan ospatutako Leintz Eskola Kirolaren azken jaiarekin. Gure ikasle, familia eta begiraleek goiz gogoangarria pasatu zuten elkarrekin!

Festa handi honetarako, hiru gune ezberdin prestatu genituen herrian zehar, eta adin guztietako haurrentzako jolas eta jarduera ugari egin genituen goizean zehar. Kirola, talde-lana eta, batez ere, irribarreak izan ziren protagonistak txoko bakoitzean.

Ikasturte osoan zehar egindako lanari eta erakutsitako konpromisoari amaiera emateko modu ezinhobea izan da. Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi eta ikasturtean zehar Eskola Kirola posible egin duzuenoi. Hurrengo ikasturtera arte!