DBH1eko ikasleek «Don’t worry, bee api» proiektua abiatu dute erleen garrantziaz sentsibilizatzeko

Biodibertsitatearen defentsan euren aletxoa jartzeko asmoz, «Don’t worry, bee api» izeneko PROIa landu dute Gazteluondoko ikasleek. Proiektu honetan, webgune bat eta logo bat sortu dituzte herritarrak biodibertsitatearen galeraz ohartarazteko. Gure ingurunea babestea guztion ardura dela argi utzi nahi izan dute gure Ikastolako DBH1eko ikasleek.

Erleen egoera eta garrantzia ardatz hartuta, ekimen honen helburu nagusia ekosisteman sortzen ditugun desorekak gutxitzea eta herria sentsibilizatzea da. Norabide horretan, ikasleek sormena eta teknologia uztartu dituzte ekintza zehatzak aurrera eramateko. Alde batetik, informazioa zabaltzeko Google Sites webgune bat garatu dute. Bestetik, kartel eta logo ikusgarri bat kaleratu dute.

Arrasatearrak kontzientziatzeko asmoz, ikasleek euren lana eta kartelak eraman dituzte herriko kaleetara. Kartel bakoitzak QR kode bat dakar, herritarrek mugikorrarekin eskaneatu eta euren proiektuaren xehetasun guztiak zuzenean ezagutu ditzaten. Biodibertsitatearen aldeko ekimen bikaina Gazteluondoko gazteek bultzatutakoa!