50 JAI; 50 TONTOR: Mendiz mendi, Kilometroak jaiaren 50. edizioarekin bat egin dugu!
Aurten Kilometroak jaia ez da edozein edizio izango. Borobila izango da, oso berezia: 50. edizioa beteko du gure Ikastolen jaiak, eta ibilian-ibilian, bere sorrerako lehengora bueltatuko da, Lazkaora hain zuzen ere.
Gogoratu behar dugu Kilometroak jaia 1977an ospatu zela lehen aldiz Beasain eta Lazkaoko Ikastolek antolatuta, eta harrezkero bilakaera itzela izan duela gaur egungo eredura iritsi arte. Gerora Ibilaldia, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez eta Herri Urrats sortu ziren.
Gurean ere ondo baino hobeto ezagutzen dugu Kilometroak antolatzeak dakarren ilusioa eta lana; izan ere, ibilbide luze honetan bi mugarri handi izan ditugu: 1981ean San Frantzisko Xabier Ikastolak antolatu zituen Kilometroak, eta beranduago, 2005ean, Arizmendi Ikastola gisa hartu genuen lekukoa.
Urteurren borobil hau ospatzeko eta urte hauetan guztietan bidean parte hartu dutenei aitortza egiteko, Ikastolen Elkartetik ekimen polita luzatu ziguten maiatzean zehar: 50 JAI; 50 TONTOR. Helburua? Gipuzkoako Ikastola guztien artean herrialdeko 50 tontor edo paraje igotzea.
Arizmendi Ikastolan erronkari eutsi diogu eta gure inguruko mendiak eta txokoak gure ikasle eta familiez bete ditugu maiatzean zehar. Hauek izan dira gure komunitateak konkistatu eta Kilometroak-en 50. urteurreneko kolorez jantzi dituen gailurrak: Kurtzebarri, Kurtzetxiki, Iturrigorri, Bedoña, Torrebaso, Araotz, Antoña, Ziorlako balkoia, San Kristobal eta Santa Barbara.
Eskerrik asko maiatzeko epe honetan mendiko botak jantzi eta tontor hauetara igon zareten guztioi!