Hezkuntza eredua

Hezkuntza eredua

Hezkuntza-eredu batek ikastetxe baten edota ikastetxe-sare baten hezkuntza-prozesua gidatzen duten balio, oinarri eta ardatz filosofiko, antropologiko eta politikoak jasotzen ditu. Hezkuntza-prozesuaren gaineko ikuskera jakin bat erakusten du. Alegia, zertarako ikasi, zer ikasi, nola ikasi.

Hezkuntza-eredua, beraz, hezkuntza-erakunde baten planteamendu eta proposamen garrantzitsua da, garrantzitsuena ez bada.

Arizmendi Ikastolan geurea birformulatu eta lau elementu nagusitara ekarri dugu:

grafikoa-01
grafikoa-01

Pertsona eredua

KONPETENTZIETATIK HARAGO

Euskal Herriko 113 ikastolok partekatzen dugun Hezkuntza Marko Orokorrean jasotzen den moduan, ikastoletan barne sendotasuna duten pertsona euskaldunak, kooperatiboak, ekintzaileak eta eraldatzaileak garatzen laguntzea da gure egiteko nagusia. Zergatik? Bizi dugun une historiko honek, Euskal Herri mailan eta mundu mailan bizi ditugun erronkei aurre egin ahal izateko era horretako pertsonak behar ditugulako eta horri guztiari euskalduntasunetik erantzun nahi diogulako.

pertsona-eredua-arizmendi
eraldaketaren-beharra-arizmendi

Eraldaketaren beharra

Mende honetako hezkuntza-eraldaketa handienaren aurrean egon gaitezke, unea aprobetxatzen asmatzen baldin badugu. Eta horretarako, ikuspegia eta estrategia behar dira. Hezkuntza-erakunde bakoitzaren sakoneko eraldaketa definitzeko, irudikatzeko, amesteko ikuspegia eta estrategia. Ametsak betetzeko daudelako.

Konfiantzaren Pedagogia

Konfiantzaren Pedagogiaren muinean pertsona ikusteko modu bat dago, pertsonarekiko jarrera eta jokaera jakin bat, eta hortik eraiki dugu gure pedagogia. Begirada horretatik pertsona bakoitza pertsona bakar eta errepikaezin moduan ikusten da. Pertsona bakoitza bere gaitasun, zailtasun, behar eta ametsekin bakar eta errepikaezin.

Zuhaitza4

Oinarrizko Hezkuntza Ildoak

Ikaskuntza gidatzen duten lerroak

Hezkuntza-ildoak definitu dugun pertsona-eredua garatzen laguntzeko Ikastolako ikasmaila guztietan jarraitu beharreko lerro pedagogiko orokorrak dira. Horiei esker, hezitzaileok gauden etapan gaudela jarduteko modu koherentea eta bateratua daukagu. Ezartzen ari garen hezkuntza-eredu berri horretara hurbiltzeko ezinbesteko tresna dira.

Arizmendi Ikastolan geure egiten ditugu Ikastolon Hezkuntza Marko Orokorrean jasotzen diren hamar hezkuntza ildo nagusiak:

  1. Euskalduntasunean ardaztutako hezkuntza-eredua
  2. Garapen pertsonala
  3. Ikuspegi eta estrategia inklusiboak
  4. Erabakitzeko gaitasuna garatzeko testuinguruak
  5. Berdinen arteko ikaskuntza
  6. Ebaluazio hezigarria
  7. Irakaskidetza
  8. Testuinguru errealetan eta ikerketa-ekintzan oinarritutako dinamika globalizatuak
  9. Hezkuntza komunitate sendo, trinko eta bizia
  10. Ebaluazioaren kultura
oinarrizko-laguntza-ildoak

Ikaskuntzarako eredua

Ikaskuntzarako eredua hainbat estrategia, orientabide edota ezaugarri biltzen dituen metodologian oinarritutako sistema da eta ikas-irakas prozesua orientatzea izan ohi du helburu.

Arizmendi Ikastolak ikaskuntzarako eredu berria jarri zuen martxan 2020an Reimagine hezkuntza-aholkularitzaren laguntzaz. Izan ere, sakoneko eraldaketa da egiten ari garena eta ibilbidea era horretako prozesuetan adituak direnekin eta metodoarekin egin nahi izan dugu. Horretarako, eurek garatutako Riedusis metodologia eramaten ari gara aurrera.

grafikoa-02
Marker 1

Ikastolako dinamikan sartzeko edota ikastolaren dinamikatik ateratzeko trantsiziorako denbora da. Lagundu egiten du ondoren etorriko diren jardueretan eraginkorragoa izaten. Era honetako esperientziak bizi ditugun KLIKetan: ikaskuntza traba diezagukeen emoziorik bada hori identifikatzen eta kudeatzen ikastearena, ORAIN eta HEMEN kokatzearena, talde-izaera eta talde-kohesioa bizitzearena, munduko gertakariei buruzko gogoetak egitearena, eguna eta astea aurreikusten eta planifikatzen ikastearena…

Bizi

BIZI distentsiorako, zaletasunak aurkitzeko eta komunitateari laguntzeko  testuinguru esanguratsu, aske eta malgu bat da, ikasleen ezaugarri pertsonalak garatzea helburu duena. 

BIZI asteak hiru lan jardunen inguruan gauzatuko dira: ikasleen sormena garatzeko jarduerak, ikaskuntza zerbitzuan oinarritutakoak eta jarduera fisikoarekin lotutakoak.

Marker 2

Konpetentzia matematikoa eta linguistikoa berariaz lantzeko tartea da SAKON eta modu isolatuan landu daitezkeen ulermenerako eta mekanizaziorako prozedurak sartzen dira hemen. 

Sailak

Ikasleak bere ikaskuntza-prozesuaren kontzientzia hartzen du eredu honetan; zentzua topatzen dio ikasten ari denari bizi duen testuinguruarekin lotuta dagoelako eta konprometitu egiten da testuingurua eraldatu beharra dagoela ulertzen duelako. 

Marker 4

GPS (Garapen Pertsonaleko Saioak). GPS barne-sendotasunean eragiteko esperientziak dira. Barrua ezagutzeko eta barrurako bidea ikasteko momentua da GPS. Ziur gaudelako ikasleak honetan trebatzea osasunean, orekan eta ongizatean inbertitzea dela. Bi bloke nagusi lantzen ditu: norbere buruaren ezagutza eta norbere buruaren kudeaketa. Bloke bakoitzean hainbat gai lantzen dira eta horri begira astean behin ordubeteko iraupena duen programazioa diseinatu dugu, momentuz LH5etik DBH3ra.

Marker 5

PROI (Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza-esperientzia): IEM honen bitartez ikasleak goi mailakoak diren pentsamendu-trebetasunak (pentsamendu analitikoa, kritikoa eta sortzailea) jartzen ditu martxan. Izan ere, ikasleei arazo/egoera/erronka bat planteatzen zaie eta horri erantzun ahal izateko metodoarekin lan egin beharra dute (behaketa, esperimentazioa, ebazteko estrategiak…). Horri esker inguruko errealitatea hobeto ulertzen dute eta ebatzitako erronka edo egoeraren bidez ekarpena egiten zaio komunitateari.

batu-arizmendi-he

BATU (10-14 urte)

Eraldaketarako esperientzia aurreratua

Geure hezkuntza-eredua paradigma berri batean eraikitzeko beharraz jardun dugu 2015ean Konfiantzaren Pedagogiaren oinarriak finkatu genituenetik. Paradigma berri horretara migratzeko estrategia ondo irudikatu beharra dago. Horretarako, eraldaketaren elementu guztiak (ikaskuntzarako esperientzia mota desberdinak, metodologiak, espazioak, ebaluazioa, ikas-materiala, rolak…) ikasmaila jakin batzuetan esperimentatzea erabaki genuen, BATUn. 

Esperientzia honek aukera eman digu eraldaketa ikasmaila jakin batzuetan sakontasun osoz aurrera eramateko, baliabideak eta ahaleginak horretara bideratzeko eta hortik ikasitakotik eredua beste egitasmoetara transferitzen hasteko.

Garapen Iraunkorreko Helburuak

GIH

2015ean 193 herrialdek 2030 Agenda deritzona onartu zuten Nazio Batuen Erakundeko Batzar Orokorrean. Agenda horrek Garapen Iraunkorrerako 17 Helburu ditu (GIH), eta mundu osoan aplikatu beharreko 169 ekintza-ildo; ingurumen, gizarte eta ekonomia mailako arazo larriei aurre egiteko.

17 helburu horiei beste bat gehitu diogu Arizmendi Ikastolan, hizkuntza eta kultura aniztasuna. Beste helburu baten barruan jasota egon liteke beharbada baina guretzako gaiak duen garrantziagatik helburu gisa formulatu dugu.

2030eko bitartean lortu beharreko horren guztiaren lanketa pedagogikoa egiteko lau eremutan kokatzen ditugu 17+1 helburu horiek:

  • Ekologikoa: dimentsio honen barruan era honetako helburuak daude: edateko ura eta saneamendua, klima babesteko ekintzak, uretako bizitza.
  • Soziala: hemen berriz, pobrezia desagertzea, kalitate oneko hezkuntza edota osasuna eta ongizatea.
  • Ekonomikoa:  hiri eta komunitate iraunkorrak, industria berrikuntza eta azpiegitura.
  • Identitario-kulturala: hizkuntza eta kultura aniztasuna, bakea, justizia eta instituzio sendoak, itunak helburuak lortzeko.

Geure esperientzia-eremuetako helburuak eta materiala ekoizterakoan hiru elementu hartzen ditugu erreferentzia moduan: pertsona-ereduaren inpaktuak, curriculuma eta GIHak. GIHetako 17 helburu horiek pertsona-eredua garatzen laguntzen diguten erronkak dira eta testuinguru ezin aproposagoa eskaintzen digute gure pertsona-eredua lantzeko. Eta maila bakoitzean lau eremuak landu ohi ditugu.