Familiarizazioa
Amaia Idigoras Elkorobarrutia (ERDU egitasmoko profesionala)
Zer da familiarizazioa? Familiarizazio garaia esaten zaio haurra lotura afektiboak familiakoekin bakarrik izatetik hezitzailearekin ere izatera pasatzen den denbora-epeari. Familia, hezitzaile eta haurrek batera burutzen duten prozesua da; guztientzako da egokitzapen prozesu bat. Poliki poliki elkarrekiko konfiantza eraikitzen joango da eta lehen aipatutako lotura segurua lortuko da. Haurrak bere etxetik ikastolara egiten duen prozesuan, bera da protagonista, baina familia eta hezitzaileak ere pisu haundia hartzen dute familiarizazio aldi honetan. Ez da soilik haurraren egokitze bat espazio berrira, familiarizazioa haratago doan prozesua da.
Zein da familiarizazio prozesuaren helburua? Hezitzailearekin lotura segurua eraikitzea da helburua. Hau lortzeko baina, umea ondo sentitu behar da eta familiak era konfiantzan sentitu behar dira. Umea seguru sentitzean, plazerraren bitartez, jakin-mina piztuko zaio, eta orduan, ekimenerako prest egongo da. Horrexegatik da garrantzitsua konfiantza eta segurtasun testuinguru bat eskaintzea haurrari.Orain arte ezagutzen duen mundo txiki eta bakar hori zabaltzeko gertu agertuko da orduan. Banaketarako prest egongo da beraz, joan-etorri motzetan hasiera batean eta denboraz luzatuko diren joan etorrietan geroxeago. Poliki poliki, testuinguru berrira egokitzen joango da, pertsona, espazio eta material ezberdinetara.
Zergatik da hain garrantzitsua ondo egitea? Garrantzitsua da atxikimendu segurua eraikitzea esploraziorako oinarri sendoa finkatzen duelako. Haurra seguru sentitzen bada, konfiantzaz arakatu, ikasi eta erlazionatu ahal izango da. Gainera, prozesu horrek familiak eta hezitzaileak elkarri laguntzeko harremana eraikitzen laguntzen du. Haurrak etxetik ekartzen duen segurtasuna aldagai garrantzitsua da, eta ikastolak eskaintzen duen segurtasuna ere gakoa da.